eu | es | fr | en

Iruña-Veleia: zientziari ateak itxi eta Vatikanoa eta Academia de la Historia nagusi

Iruña-Veleia Martxan

2022-07-18

Iruña-Veleiako grafitoek dagoeneko gauza gehiegi aldatu dituzte: euskeraren egonkortasun maila handiagoa frogatu dute, Mitxelenaren artikuluaren teoria deuseztatu dute, Euskal Herriko latin arrunta ezagutzera eman digute, euskalduntze berantiarren teoria hankaz gora jarri dute, kristautze prozesua aurreratu dute ia Erromakoaren aldi berera… Gauza gehiegi hemengo establishment unibertsitarioarentzat eta Vatikanoarentzat. Horregatik, grafitoen sekulako altxor hori lurperatzeko asmoz, hemengo kasta

Bertsio ofizialean oinarrituta, Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gil eta Lurmen kanporatu zituen eta haien lekuan kanporatzen lagundu ziotenak jarri zituen: EHUko Arkeologia Saila, Euskal Filologia Sailaren laguntzarekin. Sei urte pasatu dira eta erakutsi duten gauza bakarra aldare baten oinarria izan da.

Horrez gain sektore oso bat hondeamakinaz hondatu zuten antzeko grafitorik ager ez zitezen… Eta orain, abenduan, Nuñezek, Azkaratek eta EHUko Arkeologia Sailaren beste batzuek beste ingurune oso aberatsa suntsitu dute: Errosetoien etxearen albo bat, hainbat grafito, horietako batzuk euskeraz, topatu zituzten lekuaren ondoan. Hormak eta bertako estratigrafia guztiak suntsitu dituzte beste hondeamakina batez. Hori guzti hori Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiaren onarpenarekin eta EHUko Iñaki Goirizelaiaren onespenarekin.

Lurmenek, ordea, 6 urteko epe berean 1.000 zeramika baino gehiago topatu zituen, horietan 400 grafito eta ehunka marrazki zeudelarik, lau ingurune garrantzitsu berreskuratu zituen, 290 zundaketa egin zuen… historia garaikidearen euskeraren altxor handiena topatu zuten.

Faltsukeriaren bertsio ofiziala ez da berdina izan 8 urte hauetan eta adabakiak jartzen joan izan dira denboran zehar, ahalik eta sinesgarritasun gehien emateko. Baina, esaerak dioen moduan, gezurtia herrena baino errazago harrapatzen da:

Hasierako filtrazioak. Herritarrak faltsukeriaren alde kokatzeko, izenik gabeko filtrazioak egon ziren prentsan eta interneten. Horietan hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik grafitoak faltsuak zirela aipatzen zuten. Hau da, honelako gai arkeologiko batean arkeologoei eta datazioak egiten dituzten arkeometrei hitza eman beharrean hizkuntzalariei eman eta onartzen zitzaien. Mundua alderantziz!

Descartes eta osagai modernoa. Geroago, 2008ko azaroaren 19an, ostrakak faltsuak zirela ebatzi zuten gehien bat EHUko Letren Fakultateko irakaslez osatutako Adituen Batzordeak eta Arabako Foru Aldundiak,  besteak beste Descartes agertzen zelako eta osagai moderno bat aurkitu omen zutelako.

Eliseo Gilek hurrengo egunean bi datu horiek gezurtatu zituen. Batetik Descartes ez zela agertzen, Miscart baizik eta bi hilabete geroago, argazkiak publiko egin zirenean, arrazoi zuela ikusi genuen.

Bestetik osagai moderno hori apurtutako zeramika zatiak itsasteko kolarena zela erantzun zion Juan Manuel Madariaga EHUko irakasleari. Ez zekien, antza, zeramika zatiak apurtuta agertzen direla indusketatan eta itsatsi egin behar izaten direla. Eliseok argitu zuenean, Madariagak bere txostenetik puntu hori kendu zuen Aldundian ofizialki sartu zuenean.

Hau da, ostrakak eskarmentu handiko arkeometriako laborategietara bidali beharrean, faltsukeria bultzatuko zuen unibertsitateko “lagun” bati eman zioten analitikaren bat egiteko enkargua.