2023-03-20
Zuzendaritza Batzordeak ohar bat idatzi zuen, pandemian bakardadean izandako gehiegizko heriotzen errua osasun langileei leporatuz. Horren ostean, Burgoseko medikuek, Burgoseko Medikuntzako Elkargoko presidentearen eta zuzendaritza batzordearen dimisioa eskatu zuten, egindako akusazio larriengatik.
Akusazio horien ondorioz, Burgosko Medikuen Zuzendaritza Batzordeko hiru kidek dimititu dute eta horrek Joaquin Fernandez elkargoaren presidentearen jarraipena zalantzan jarri du baita. Pilar Lopez bigarren presidenteordeak eta Nuria Gajate eta Selene Molano bokalek kargua utzi dute, Elkargoak osasun langileei pandemian "bakardadean gehiegizko heriotza" egotearen errua egotzi ostean. Dimisio horiek egungo zuzendaritzaren %23 dira.
Idatziak sortutako eskandaluak hainbat erreakzio eragin ditu osasun profesionalen eta batez ere, medikuen artean. Gaztela eta Leongo medikuen presidenteak, José Luis Díaz Villarig jaunak, "erabat faltsutzat" jo du Burgosko Elkargoko batzorde deontologikoak esandakoa.
Gaztela eta Leongo Osasun Kontseilaritzak "erabateko babesa" eskaini nahi izan diote Burgoseko eta Gaztela eta Leongo gainerako mediku eta osasun langileei, pandemian bakardadean izandako gehiegizko heriotza leporatu ostean. "Inoiz ez dugu nahikoa eskertuko, pandemiaren garairik gogorrenean eta ondorengo hilabeteetan egin zuten lana". Osasun Sailaren esanetan, "une bakoitzean hartu ziren neurriak eskura zegoen informazioarekin bat etorri ziren, ez bakarrik pazienteak babesteko, baita gure profesionalak babesteko ere".
Burgoseko Ospitaleko medikuek, akusazioen zuzenketa baten eskaera egin dute dagoeneko. Printzipioz, antolatutako bilera baten ondoren, Medikuen Elkargoko Zuzendaritza Batzordeak eta elkargokideek, elkarrekin komunikatu bat egitea erabaki dute, sortutako "ezinegonagatik" barkamena eskatzeko eta publikoki "erantzukizunak argitzeko" konpromisoa hartu dute, azken gertakarien ondorioz.